EHren Mahai Nazionalak, atzo arratsaldean Bilbon eginiko manifestaldiaren ondotik herritarrei helarazi zion bere mezua hamar puntuko ondoko adierazpen politikoa irakurriz.

      GAUR Mahai Nazionalak euskal populuari honako adierazpen politikoa luzatzea erabaki du:

      1. Gatazka areagotzen ari den momentu hauetan, iturri interesatu askotatik mezu ezkorrak luzatzen ari zaizkio euskal populuari, zeintzuek argi eta garbi adierazten duten egungo gatazkak ez duela inongo irtenbiderik. Honen aurrean, guk BERRETSI egiten dugu gatazka honek baduela irtenbidea, eta bere izena Demokrazia dela, hots, gure herriak gatazka politikoa parametro demokratikoetan kokatzetik lortuko duela irtenbidea.

      2. Egungo egoeran kokaturik, eta beste ikasturte politiko bati hasiera ematen diogun honetan, Euskal Herritarrok-ek berretsi egiten du, datorren ikasturterako markatzen ditugun helburuak gure herriak merezi eta behar dituen burujabetza eta bakea berreskuratzea direla.

      3. Euskal Herriaren diagnostikoa egitean, berriz ere altutik diogu, egungo marko politiko-juridikoa (Autonomia, Amejoramendua zein instituzio eza Iparraldean) agorturik egoteaz gain, Euskal Herriak dituen erronkei era eraginkorrean aurre egiteko beharrezkoak dituen tresna politiko eta juridikoak ukatu egiten dizkiola.

      4. Globalizazio ekonomiko zein kulturalak dakarzkigun erronkei, gehi Europaren eraikuntzak berak gehitzen dituenei (ekonomikoak, sozialak, ekologikoak, politikoak...) aurre egiteko, guztiz beharrezkoa zaigu marko demokratiko nazional berria eraikitzea.

      5. Horrela, egun egiten dugun planteamendua, subiranotasunaren inguruko eztabaida, guztiz bat dator Europan bertan ematen ari den eztabaida sakonarekin. Eztabaida hori, gure herrian bezala jada Europa erdian kokaturik dute, guk bezala beste herri batzuek. Irlanda, Eskozia, Katalunia, Korsika eta, azkenik, Feroe irlek gauzatuko duten autodeterminazio eskubidea horren lekuko garbiak dira.

      6. Horregatik, eta konfiantza osoz, berriro ere diogu baldintza bakarra dagoela gure helburua lortzeko: abian jarri behar den ESTRATEGIAK, NAZIONALA IZAN BEHAR DUELA. Beste era batera esanda, lehenengo momentutik Euskal Herri osoaren parte-hartzearekin eta Euskal Herri osoari eskainitako estrategia izan behar duela, alegia.

      7. Eta nazional mailako ezaugarritze horri, zalantzarik gabe, bakea eta negozioazio politikorako zein burujabetza berreskuratzeko ezinbesteko deritzogu.

      8. Horregatik, gure tresna instituzional eta politikoak abian jarri behar dugun estrategia nazional horren zerbitzura jartzea da gure asmoa, beharrezkoak diren birmoldaketak eginez.

      9. Azkenik, Euskal Herriko sektore sozial, politiko eta sindikal guztiekin konpartitua izan nahi duen estrategia dela berresten dugu, ez baikara Euskal Herritarrok-en estrategiaz mintzo, Euskal Herriak behar duen estrategiaz baizik.

      10. Gure herriaren indarren konfiantzan, gure aukerak aurrean edukiz, zintzotasunez, azken mezu baikor bat bidali nahi diogu esukal populuari: zailatasun eta oztopo guztien gainetik, ez gaituzte menperatuko; Euskal Herriak irabazi egingo du.

      EUSKAL HERRIAN, 2000ko irailaren 9an

      Índice home